Irakurketa plana

Gaur egun, kanal eta jatorri ezberdinetatik, hainbat hizkuntzatako mezuak irakurtzen ditugu etengabe, eta, sarritan, aldi berean; argazkiak, irudiak, seinaleak, infografiak, gorpuzkerak, begiradak, letrak… Unean uneko helburua izaten du irakurketak, baina mezua ulertzearena da jomuga nagusia.

Irakurketa, eskola eremuan edo kanpo, ezagutza garatzeko eta ikasteko funtsezkoa da; esparru akademikoan zein kanpo, irakurtzea ohi da ezagutzak transmititzeko eta jasotzeko bitarteko nagusia. Izan ere, idatzizkoaren ulermena (irakurmena) behar bezala garatuta ez izatea eskola porrotaren gakoetako bat izan daiteke, norbanakoaren garapen kognitiboa oztopatzeaz gainera.

Ikasleak bizitzarako prestatzeko bidean, eskolan testuak irakurtzen i(ra)kastea oinarrizkoa da; etorkizuna, mundua eta bizitza irakurtzen (interpretatzen/ulertzen) laguntzeko.

Horiek azken asmo izanda, Zabalgana BHI institutuko IrakurketaPlana ikasleen irakurtzeko gaitasuna hobetzeko eratu da, eta, bidenabar, “ahozko komunikazio-gaitasuna, hitzik gabeko komunikazio-gaitasuna eta komunikazio-gaitasun digitala lortzeko bidean egundoko lagungarria ere” izan daitekeela ahaztu barik, Irakurgune-ko gidalerroetan jasotzen den legez; idatzizkoaren “ulermenezko ekintzak estu lotuta baitaude beste hizkuntza gaitasunekin eta elkarri eragiten baitiote: irakurri egiten da eta gero idatzi, irakurritakoari buruz hitz egiteko irakurtzen da, ahozko aurkezpena prestatzeko irakurtzen da…”. Irakurketa-planak oro har irakasleek egiten duten lana gidatuko du, eta hezkuntza-komunitateko gainerakoen partehartzea bultzatzeko ekintzaren bat ere jasotzen du.

Horrez gainera, arreta ipiniko da Teknologia Berriek eragindako irakurketa-modu berriak lantzean ere, eta, bereziki, ekintzen eta testuen aukeraketa hizkuntz zein kultur aniztasuna kontuan hartuz eta genero ikuspegiaren araberako irizpideak erdigunean ipiniz egingo da.